h1

Non liburu, han bi buru

2008/06/11


2008.ko maiatzaren 31an, bigarren urterako, Euskal Kultur Erakundeak eta AEK antolatu nahi zuten diktaketarako testutxo bat eskatu zidatela, hauxe idatzi nien.
Udaberria gogoan nuela eta…
Iratxe neska gazteak, iratze landarearen gisa, bere burua altxatuz, besoak eta… hots, bere gorputz osoa biziari eta amodioari poliki irekitzen zuenez…
Xirilu lagunak aldiz, zurgin ofizioa ikasten ari zuela, bere “xiri luzea” zorroztu beharrez… Badakizu, Afrikarrek “le petit bâton noir” deitzen duten hori ?!…
Horra beraz, zer tintetan busti nuen nire luma, eta… :

NON LIBURU, HAN BI BURU
Iratxe eta Xirilu, eskolako lagunak ziren. Gero, neskak ikasketak segitu bazituen,
mutilak bere aitaren ofizioa, altzarigintza, hautatu zuen.
Egun batez, aita-semeei lan berezi bat manatu zieten. Bikote baten bigarren
egoitzan zurezko liburutegi bat eraiki behar zutela. Etxe hartara joan zirenean,
ikusi zituzten kartoietan nahas-mahas metatuak, mota eta neurri guzietako
liburuak. Altzaria egiteko, nolabait ordenatu beharko zituztela eta !
Baina nondik hasi, eta nola egin ?
Xiriluri bere laguna gogoratu zitzaion. Eta Iratxerekin harremanetan sarturik,biak hitzartu ziren. Iluntze batez, neskak bere etxean errezibitu zuen. Berantago,
zurginaren arrangura entzunik, aholku bat eman zion : altzaria egiten
hasi baino lehen, liburuak irakurri behar zituela, gainbegiratuz bederen…
Ofiziale gaztea une batez mututurik gelditu zen. Gero aitortu zion, ez zekiela
aski ongi irakurtzen eta. Neskak, berehala, irakasle izan zitekeela eta, eskaini
zion bere laguntza. Eta gure mutilak onartu.
Ondoko astean, Iratxek ongietorria eginik, etxeko liburutegiraino eraman
zuen. Eta erakutsi zion, familian aspalditik zeukatena : liburu handi bat, larruz
estalia, aldi berean irakurtzen eta idazten ikasteko erabiltzen zena. Ireki zuen poliki, hosto bakoitza izkinatik altxatuz, bestaldera itzuli, etzan eta laztanduz,
hainbat hizki, hitz, marrazki eta marraz hornitutako barneko orrialdeak
mutilari agertuz. Eta hortxe hasi zuen bere klasea.
Xiriluk neskaren ahotsa gozatu zuen, irakurketa hasi zuelarik. Eta loriatu zen,
bere erien artean arkatza harturik, lehen hitza paperaren gainean moldatu
zuelarik.
Segidako topaketa errito berarekin abiatu zuen Iratxek. Begitartea altxatu
eta liburua zabaldu. Mutila hurbildu zitzaion eta irakurtzen hasi, eri batez segituz,
hitz bakoitza perekatzen balu bezala.
Ondoko lerroak bere sudur puntaz segitzen zituen, musukatzen zituela iduri.
Neskak hitzez eta hotsez gidatzen zuen bitartean, ahapetik ari zen dena xeheki
pasatzen, deus ahantzi gabe. Eta biek irriz eta zoriontsu bukatu zuten
irakurketa saioa.
Ondotik, zurgin gaztea maizago joaten zitzaion etxera. Bere irakasleak ahal
zuen bezain usu, funtsean. Bazirudien, baten ikasteko goseak, eta bestearen
irakasteko errabiak elkartzen zituela, aldiro.
Berantago idazketa abiatu zuten. Xiriluk arkatz gorria eskuan, besondoak liburuaren
gainean finkaturik, gorputza makurturik, hizki eta mizkiak, hitz eta mitzak, ahal bezain poliki lotzen zituen.
Burua alde batera eta bestera kulunkatuz, mihia ezpainen artetik luzatuz,
paper azalean bere luma lerraraziz, intziriño batzuk botaka ari zen lanean.
Laster, mutil erne eta esku-trebeak ariketa guzietarako zaletasun ederra lortu
zuen. Iratxe poz-pozik zegoen eta Xirilu kontentago oraino.

Baina ikasketak tipustapast bururatu zituen gure zurginak: aitak atzeman
zuelarik behin bere semea, liburutegiko altzariaren lehen zirriborroa abiatzeko
ordez, zurezko ohako ttipi baten irudia marrazten ari…

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s