h1

Ikuskizunak

Koldo Amestoyek proposatzen duen ikuskizun baten izenburuan klik egizu dagokion aurkezpenaren ikusteko:

prentsa begiratu

BIRIBILKETA, luma beltza

Kondalari bakarlari

Publiko nagusiari zuzendua – Iraupena : 60 mn

 

Koldok kontatzen digu, txori beltz bilakatu zen gizonaren lehen hegaldia. Begirada berri batekin, topaketa batetik bestera, mundu berezi eta harrigarria deskubrituz doa.

Gizon izatetik gero eta urrunago joanez, bele bilakatzen ikasten du, hala ere, begi bat luzaturik duelarik beti… gizakien aldera !

Luma beltza baga
Behinola biga
Haize batek higa
Berarekin laga
Eramanik boga
Beti doa sega
Zeren bila zahi
Ote daki zohi
Pika edo bele
Izan balitz harma
Izango zen tiro
eta Biribilketa,
Luma beltza…

Belea. Guztiok ezagutzen dugu. « Fama txarrekoa », baztertua, baina gutaz hain hurbilekoa… Begiratzen gaitu. Txori beltz hori gurekin dabil. Eta gure ixtorioetan parte hartzen badu, hau da hain zuzen, bere kondairetara eraman nahi gaituelako.

Partaideak : Euskal Kultur Erakundea –  Luhusoko « Hameka » kaleko arte fabrika – Kanboko  hiria eta « Accord » elkartea.

Irudi sortzailea : studio Pepper Pump

HARRIOLA MARRIOLA

Kondalari bakarlari

Publiko nagusiari zuzendua – Iraupena : 60 mn

Argazkia: Michel Eche

Euskal Herrian kontatzen da, artzain talde batek mendi batean aurkitu zuela behin harri zabal bat, belar gainean etzanik. Eta honen izkin batean grabatuta zegoela : “Itzuliko nauenari ez zaio damutuko…”

Koldok harri berezi honen inguruan eraiki du bere ipuin-ikuskizuna. Harlauza azpian zer izan daitekeen galderari erantzun nahian, lurpeko mundu horren barneraino eramaten gaitu.

Zilo soilak, leizezuloak, edo sakontasun misteriotsuak… Zer aterbetzen ote dute barne ilun horiek ?
Mitologiako pertsonai, herensuge ala hartz ? Dibinitate eta jainkosa ? Edo mundua mundu denetik, harpeetako gauean gorderik dauden aztarna edo zeinuak ?… Mitoen sorgune, beldurren eta ametsen iturburu ? Ala, altxor batez beteriko kutxaren bat ?

Edo lurpeko bidaia hau, lurgain hontako bizitzari begiradatxo bat emateko estakurua, aitzakia besterik ez balitz ? Harri lauza, miraila zabal edo ispilu trikimailu bilakatuko litzaiguke orduan !…

IN VINO FABULA

Pantxix Bidartekin bikotean

Publiko helduari zuzendua – Iraupena : 70 mn

In Vino Fabula, arnoaren inguruan dabiltzan kontakizun, musika eta kantuak josten dituen ikuskizuna da :
Kondalaria mitologia eta literaturako aipamenekin jolasten da, asmatzeko bere ixtorio ttikia …
Musikaria idazki eta olerkiekin jostatzen da, moldatzeko bere musika ttipia…
Ardo on baten gisako ikuskizuna da, oparo eta sendoa !

In Vino Fabula edo…

Nolaz, uholde handi denboran hainbeste ur ikusirik, uso batek gidaturik,
Noe Ibarxolan kokatu zen, eta mahastia landaturik, ardo egiten hasi.
Nolaz, pikondo itzalpetik pasatu ziren Satan, Bacchus ardoaren jainkoa,
Dom Pérignon, Martin eta bere astoa eta, lehen mahats-biltzaileak.
Nolaz, Martin mahastizainak eta Bixente bere semeak dolarean sartuta atea hetsi ondoren, sotokoa ideki zen geroago eta Ardane agertu, bere lehen arnoa dasta arazteko harro zegoela.
Nolaz, Jesus-Kristo eta ezteiliarrek, Rabelais eta Gargantuak ardoa gozatu zuten, Sancho Panza, herriko erretoreak, beste hainbatek bezala.
Eta nolaz, behin etorri zen Ardanbegira, Johann eslobakiarra bere arnoaren sekretua aitortzeko.

Koldo Amestoy-ek asmatu, idatzi eta kontatutakoak eta
Pantxix Bidart-ek interpretatu olerki, kantu eta musikak gurutzatzen diren kontakizuna da.

 

Cumulus vini, periculosus curae est.
Potenedun est cum moderatione !

BIDERDITAN

Kondalari bakarlari

8 urtetik gorako haurrei zuzendua,
Edota ere, familiar formularako, jende nagusi eta 8 urtetik gorako haurrez osaturiko publiko zabalarentzat egokitua. Iraupena : 60 mn

Argazkia: Michel ECHE

Herriko enparantza, “Lauhaizetara” plaza deitzen duguna da. Guztiak hortik iragaiten dira, hainbat gurutzatzen, jendeak bai eta ere batzutan, lamia bat, goizeko eguzkiari iheska doana… Herriko apez berria,… Ikazkina edo errementaria… Azeri kezkati bat…
Hortik pasako dira bestalde, urrutitik etorritako bidaiariak, bakoitzak berea dakarrela : Petzeroren gogoeta, Kunku mutilaren kontakizuna, eta beste… Zeru goialdean zazpizarrak, “karru handia” ikusi arte…
Plaza hortara hurbilduko zaizkigu ere, Artzai zaharra, bere ametsa gogoan, eta Xango dantzaria, ezkontza edo erromeria batera joateko beti prest dagoena.

MARTINTXOk ‘txo’ galdu zuenetik…

KoldoArbre (2) [1024x768]

Euskal mitologiako istorio eta kontakizun sorginduak
Kondalari bakarlari
Publiko helduari zuzendua – iraupena 60 mn

Ibarxola gure herrian, Martintxo herriko semeak, bere ‘txo’ galdu baino lehen eta, Martin bilakatuta gero, bizi eta jasan behar izan zituen hainbat gertaera eta pasadizo kontatzeko aukera eta entzunarazteko parada.

BESTALDE…

Beste kontaketa modu batzu posible dira Koldorekin antolatzea, hala nola : kanpoko ibilaldi edo bisita kontatua ; ezohiko leku bat deskubritzea ; ikastaro, mintegi edo edozein egonalditan kontaketa saio libre bat eskaintzea…

Argazkia: Michel ECHE

Koldo Amestoyek proposatzen du ere, « Graffit’hitz » deitutako ekitaldia : gertakizun berezi baten inguruan sorkuntza bat da, bakarrik edo beste artista batzuekin eskaini dezakeen ekitaldia (erakusketa estreinatze, gertaera sinboliko eta zintzo, omenaldi, lekukotasun, etab.)

Aparteko gertaera bat, nahiko berezia ospatzeko gogoa duzula : urteurren, omenaldi, estreinaldi, aurkezpen berri, bisita arraro, gaualdi berezi, Koldo kontalaria partaide izan dezakezu, Grafitt’hitz saio batekin.

Grafitt’hitz saioa, lehenik testu baten asmatzea da, topaketa, trukaketa, bilketa eta gaiaren inguruko ikerketa lan baten ondotik. Prestakuntza lan hori, aste batzu lehenago hasirik, idazketa lana eta errepikak egin ondoren bukatzen da.

Grafitt’hitz saioa gai baten inguruan eraikitzen da, helburuak aurretik eta elgarrekin finkaturik daudela. Bizkitartean, kontakizunak begirada berezia eman liezaioke, apartekoa eta ironikoa zirikatzailea edo adar-jolea ere berdin, hots, ezohiko kontaketa bat eskaintzeko gisan.

Grafitt’hitz saioa publikoari aurkezten den sorkuntza da, egitasmoaren arabera, kondalariak soilik kontatzen duena edo, musikari baten laguntzaz edo berdin, ekitaldi horrentzat programatutako hainbat parte-hartzaile edo/eta artistekin batera.

Grafitt’hitz saioa, ikuskizunaren hari gorria da, gertakariaren hari gidaria.

Urteetan zehar, han eta hemen, Koldo Amestoyek eratutako “Graffit’hitz” saio batzu :

Supasterra elkartea eta Intxauseta etxeak antolatutako hainbat ekitaldietan, Benafarroako Bunuze eta Parisen (Olympia, Bercy) ; “Kond’harian” eta “Axuri Beltza” dantza ikuskizunetan, Juan-Antonio Urbeltz koreografoarekin Euskal Herriko eszenatoki handienetan ; Ziburun “Zaldi Xurito” etxebizitzak eraikitzen ari zirela, Xavier Leibar arkitektuarekin batera ; Donibane Lohitzuneko Kaskarot Banda taldearen 20. urtemuga ospatzeko ; “Le laurier d’or” Peio Cabalette musikagilearen obra irudikatzeko, Baiona eta Euskal Kostaldeko orkestrak musikaz lagundurik, Baionako antzokian ; “Carnet de route”, Baionako hiriarekin partaidetasunean, zazpi ondaregunetan kontu-gidari ; “le grand bourdon sur la Via II” ekitaldian aurrendari Biarnoko Bougarber herrian ; Ortzaizeko “Pottoka dantzan” zaldi eta zaldizkoen ikuskizunean hari gorri eramaile ; “Elai-Alai, 50 urte” Portugaleteko Elai-Alai konpainiaren urteurren-ekitaldian narratzaile, Bilboko Campos antzokian.

Advertisements